POBREZIA ETA BIZIRAUPENA
2000. urtean Nazio Batuen Erakundeak Milurtekoaren Helburuak izena eman zion hori lortzea hartu zuen helburu. 189 Estatuburuk, baita Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak, Nazioarteko Moneta Funtsak eta Munduko Bankuak ere, konpromisoa hartu zuten “sarrera urrien, hedatutako gosearen, genero desberdintasunaren, ingurumenaren narriaduraren eta hezkuntza, osasun laguntza eta edateko ur faltaren kontra irmoki borroka egiteko”.
Milurtekoaren zortzi Helburu horietatik lehena hauxe da “erabateko pobrezia eta gosea ezabatzea”, eta helburu hori bi xede zehatz lortuz bete nahi da: eguneko dolar batekoa baino sarrera txikiagoak dituzten pertsonen kopurua eta gosea jasaten dutenena erdira murriztea.
Bost urte geroago, landu duen azkeneko txostenean, xede horiek lor daitezkeela dio NBEk. Hala ere, datu positibo gutxi batzuk besterik ez daude, oraindik lortzeko geratzen denarekin eta asmoak betetzeko antzematen den borondatearekin kontrastean: 1.200 milioi pertsonak jarraitzen dute egunean dolar batekin baino gutxiagorekin bizitzen eta 3 milioi bi dolarrekin baino gutxiagorekin bizi dira, munduko populazio aberatsenaren %1ak populazio behartsuenaren %57aren sarrera berdinak jasotzen ditu, 1.300 milioi pertsonak ez dute edateko urik helmenean, 800 milioi pertsonak ez dute nahikoa janari eta 10.000 gizon eta emakume hiltzen dira egunero bizi diren osasun baldintza urrien ondoriozko gaixotasunek jota.
Mundu guztiko 1.000 milioi pertsonari baino gehiagori Giza Eskubideak horrela urratzen zaizkiela ikusita, nazioarteko zenbait erakundek ahaleginak elkartu dituzte Pobreziari Aurre Egiteko Nazioarteko Deialdian. Haien iritziz, garapen iraunkor globala lortzeko ahaleginak “ez dira batere egokiak” eta lau helburu zehatz betetzeko eskatzen dute.
Lehenik, nazioarteko merkataritzaren arauak aldatzeko eskatzen dute, Bidezko merkataritza lortzearren; horrela, garapen bidean dauden herrialdeei beren lehentasunak finkatzea ahalbidetuko zaie, orain arte bezala ez dadin izan lurralderako baldintza kaltegarriak inposatzeko tresna izan. Hartu beharreko neurrien artean nabarmentzekoa da dirulaguntzak emateari uzteko premia, herrialde aberatsek haien produktu nazionalei ematen dizkietenak produkzio kostuaren prezioaren azpitik esportatu ahal izateko, garapen bidean dauden herrialdeetako nekazaritza komunitateen mantenuaren kaltetan.
Bestalde, Kanpoko Zorra Kitatzeko eskatzen dute, herrialde pobreentzat jasotzen duten nazioarteko dirulaguntzaren kopurua baino askoz ere diru gehiago adierazten duena. 1970 eta 2002 urte bitartean, Afrikako herrialde behartsuenek 294.000 milioi dolar inguruko mailegua jaso zuten, 298.000 milioi itzuli zituzten eta oraindik 200.000 milioi gehiago utzi zituzten zorretan. Era berean, zorraren kitapena herrialde hartzekodunekin ezarritako kontratuekin lotuta dagoela salatu dute, baita pobrezian murgilduta bizi direnentzat kaltegarriak diren baldintza ekonomikoekin ere.
Gainera, nazioarteko gobernuek eta erakundeek Milurtekoaren Helburuak lortzeko beharrezkoak diren baliabideak lehenbailehen gehitu eta hobetzeko eskatzen dute, Barne Produktu Gordinaren % 0,7 laguntzeko izango dela ziurtatuz, laguntza zuzentzen zaion komunitateak finkatu dituen lehentasunak kontuan hatuz eta garapena finantzatzeko mekanismo berriak aztertuz.
Pobreziari Aurre Egiteko Deialdiak hauxe eskatzen du gainera, gobernu nazional desberdinek gizarte zibil guztiari tokiko garapen politiketan eta planetan partaide izaten uztea, kolektibo pobreenak eta gizarteak baztertutakoak ahaztu gabe. Besteren artean, kalitatezko zerbitzu publikoa lortzeko baliabideak behar bezala emateko eta ustelkeriari irmoki aurre egiteko eskatzen du.
Gure herrialdean, Zero Pobrezia plataforma osatzen duten 400etik gora erakundeak mobilizatu egin dira gosea eta pobrezia murrizteko aurrerapen nabarmenik oraindik sortu ez dela salatzeko.
Nazio aberatsen eta pobreen arteko desberdintasunak gero eta handiagoa izaten jarraitzen du. Nazioarteko merkataritzak, globalizazioak eta espekulazio finantzarioak ahalmen handiena duten ekonomiei pribilegioak ematen dizkiete, kanpoko zorrak herrialde askoren garapena oztopatzen du eta nazioarteko laguntza sistemak, urria eta zenbait kasutan koordinaziorik gabea izanik, ez du emaitza adierazgarririk lortzen. Dirudienez, egoera hori interes ekonomikoek eta planetako %10aren borondate politikorik ezak eragindakoa da, Lurreko aberastasunen eta baliabideen %70az baliatzen dela kontuan izanik.