Zinea eta giza eskubideen iv. Topaketak.

IMMIGRAZIOA-EMIGRAZIOA

Immigrazioa, beste herrialde batean ezartzearren giza populazioan antzematen den mugimendua den aldetik, oso hedatua dagoen errealitatea da gaur egun. Jendea hainbat arrazoik bultzatuta aldatzen da lurraldez, besteren artan enplegu faltagatik, politikagatik edo arrazoi pertsonalengatik.

Hala eta guztiz ere, beren buruak “garatutzat” dituzten nazio guztiek eta “gutxi garatutako” herrialdetzat hartu ohi diren askok izugarri murrizten dute migrazio fluxua. Eskulan merkeak berekin ekarriko lukeen bidegabeko lehia erabiltzen dute justifikazio gisa, baita gizarte zerbitzuentzako adieraziko lukeen ustezko karga ere. Gaur egun, herrialde gehienek zirkunstantzia berezietan bakarrik baimentzen dute immigrazioa, hau da, tokian eskaintza urria duten lanpostuak betetzeko, ezkontza kasuan, babes politikoa eskatzean edo akordio multilateralen babesean (Europar Batasunaren barruan adibidez).

Ordea, kontuan hartzen ez dena hauxe da, herrialde horietan ezarritako pertsonen lana ezinbesteko baldintza bilakatzen dela herrialdearen hazkunde ekonomikorako, eta horrez gain, sarritan, populazioaren gaztetze prozesua bizkortzen du. Espainian, adibidez, lanera datozen pertsonen batezbesteko adina 25 eta 35 urte bitartekoa da, eta gehienbat eraikuntzaren edo zerbitzuen sektorean lortzen dute lana. Bestalde, azterlanek adierazten dutenez ez dago lotura zuzenik soldaten beherakadaren eta immigrazioaren artean. Ezkutuko ekonomiaren kasuan, nabarmentzekoa da zirkunstantzia hori gertatzeko bi aldeek egon behar dutela: inmigranteak eta tokiko enplegatzaileak edo enpresa-buruak.

Hala eta guztiz ere, herrialdeetarako sarbidea mugatzeko garaian beste arraza, kultura edo erlijio bateko immigranteen saldoaren eraginez kultura nazionala itota ikustearen beldurra izan ohi da funtsezko arrazoia. Hala, kaleetan antzematen ari den gero eta aniztasun handiagoarekin batera xenofobia piztu da, alderdi politikoak ere sorrarazi dituena, inmigrazioa suntsitzea izanik haien helburuetako bat.
           
Beren aldetik, ekonomilarien sektoreak dioenez, nazioartean, lan-merkatu libreak, immigrazioari mugarik jartzen ez dionak alegia, guztion oparotasuna bultzatzen lagunduko luke epe luzera. Beste batzuk ez datoz bat iritzi horrekin, eta egoera horrek soldatetan ondorio negatiboak izango lituzkeela eta populazioa eutsi ezingo liratekeen mailatara igoko litzatekeela adierazten dute. Gure herrialdearen errealitatea hauxe da, Barne Produktu Gordinak %4ko hazkundea izan duela atzerriko eskulanari esker eta kalkuluen arabera Gizarte Segurantzako sarrerek bikoiztu egin dituzte familia inmigranteek sorrarazten dituzten gastuak.

Dena den, Ikerlan Soziologikoen Zentroak (CIS) 15 eta 29 urte bitarteko gazteei egindako inkesta batean ateratako ondorioen arabera, %60aren ustez atzerritarren kolektiboa handiegia da, eta erdiak ia langabezia eta delinkuentzia gehitu izanaren eragileak direla adierazi du. Zorionez, eta jarrera orokorra mesfidantzaren (%32) eta axolagabetasunaren (%20) artean egon arren, %70ak gutxiengo horren aurkako indarkeriazko ekintza guztiak gaitzesten ditu.

Nazionalitateak nahasteak gune sozial baketsua iraunarazteko elkar errespetatzera behartzen gaituen kultur arteko bizikidetza dakar berekin nahitaez. Ez du batere zerikusirik pertsona desberdina nolabaiteko jarrera fatalistaz onartzearekin, gizartean integratzeko joerarekin baizik, hiritar horiei parte hartzeko aukera emanez. Funtsean, immigrazioak sortzen dizkigun benetako arazoak hauexek dira, irregulartasun maila handiak, maila horiek sorrarazten dituzten baldintza estrukturalak, gure bizitzaren parte den gizarte bazterkeria eta lan-merkatuko diskriminazioa, besteren artean.