Zinea eta giza eskubideen iv. Topaketak.

INGURUMEN OSASUNGARRIA IZATEKO ESKUBIDEA

Txernobil, 1986ko apirilaren 26a. Goizaldera, ordu bata jo baino lehentxeago historian izan den leherketa nuklear larriena gertatu zen. Hiroshima eta Nagasakiko bonbek eragindakoa baino askoz ere handiagoa. Hodei erradioaktiboa Alemanian, Suedian edo Finlandian ere antzeman ahal izan zen baina, hala ere, okerrena gertatzeko zegoen oraindik.

Hogei urte geroago, Bielorrusia, Ukrania eta Errusiako biztanle askok erradioaktibitate maila handiak jasan behar izaten dituzte oraindik ere. Urteetan izandako nazioarteko laguntza faltagatik baratza pribatuetako produktuak kontsumitu behar izaten dituzte bertako biztanleek, eta ondorioz kanpoko erradiazioa ez ezik barne erradiazioa ere jasaten dute. Kantzer, leuzemia eta metabolismoaren alterazio kasuak nabarmen ugaldu dira. Eta hasiera batean ezarritako erradiazio kontrol sistematikoak egiteari utzi zaio.

Txernobilgo inguruetan, beren eguneroko “dietari” substantzia hauek gehitu dizkiote: zesio-137, organismoak berehala xurgatzen duena eta urdail-hesteetako eta odoleko arazoak sorrarazi ditzakeena; iodoa, tiroideetan kontzentratzen dena eta haurren artean kantzer kasuak nabarmen gehitzen ari dena; estrontzio-90, gorputzak kaltzioarekin nahasten duena eta muineko eta hezurretako kantzerra eragiten duena; eta plutonioa. Azkena aipatutako hori gizakiak sortutako elementu toxikoena da, naturan existitzen ez dena, erreakzio nuklear baten ondorioz baizik. Organismoak burdinatzat hartzen du plutonioa, globulu gorriek xurgatzen dute, eta odolaren nahasteak, leuzemia, linfoma, mieloma eta beste era batzuetako tumoreak sorrarazi ditzake.

Aurreikuspenen arabera, leherketa nuklearraren ondoriozko erradiazioa datozen 48.000 urteetan antzeman ahal izango da oraindik. NBEk 2005ean landu zuen azkeneko txostenean adierazi zuenez, orain arte 50 hildako besterik izan ez badira ere erradiazioak zuzenean eragindakoak, kopuru hori 4.000ra igoko da gutxi gorabehera. Osasunez hobetzeko OMEk gomendatzen duen tratamendu bakarra hauxe da, pertsonak eta bereziki haurrak urtean behin herrialdetik bi hilabetez irtetea. Baina bizi diren erabateko pobreziak ez die bidaia ordaintzeko aukerarik ematen erradiazioaren kalte handienak jasaten ari diren sektoreei.

 NBEk argitaratutako testuak, “Txernobilek utzitako ondarea: osasunean, ingurumenean, gizartean eta ekonomian dituen ondorioak” izenburupean, agerian uzten du istripu nuklear larri horrek erasotako zona murgilduta dagoen pesimismo sakona eragozpen bat dela egoera hobetzeko edozein ekimen aurrera eramateko. Bestalde, lehen Sobietar Batasunak abian jarritako errehabilitazio eta prestazio sozialen programak eguneratzeko eskatu du, erradiazioaren egoera aldaketa, pertsona onuradunak hautatzeko prozesuan antzematen diren hutsuneak eta fondo urriak kontuan har ditzaten.

Nazioartean, laguntzak zona kaltetuenetara zuzentzeko eskatu dute, eta mendekotasuna eta mentalitate biktimista sustatzen duten programak indargabetzeko, horien ordez bestelako ekimenak aurrera eramatearren, esate baterako aukerak sortzeko, tokiko garapena babesteko eta kasu askotan aspaldian galdua duten itxaropena pizteko izango diren ekimenak.

Bestetik, energia nuklearraren defendatzaile porrokatua den korrontea dago. Pertsona horiek diotenez, erreaktoreek beren ohiko jardunean botatzen dituzten erradiazioak askoz ere urriagoak dira gure etxeetan ditugun etxetresna elektrikoek botatzen dituztenak baino. Gainera, halako istripu bat berriro gertatzeko arriskua gutxienekoa da orain dauden segurtasun-neurri modernoak kontuan hartuta.

Energia nuklearrari buruzko eztabaidan sartu gabe hauxe da arazoa, gizakiak kutsatutako ingurunean bizi diren milaka pertsonak. Eta, instantzia desberdinetan diotenaren arabera, ondorioak hain larriak izan ez baziren, egia hauxe da, hiritar asko miserian murgilduta bizi direla berriro hastea ahalbidetuko dien kanpoko laguntzarik ez dutelako.