GUTXIENGO ETNIKOAK: IJITOAK
XIV. mendera arte, ijitoen kultura ahozkoa zen soilik. Horrexegatik, hipotesi desberdinak sortu dira beren jatorriaren inguruan. Dena den, ijitoen hizkuntzari eta literaturari buruz egin diren ikerlan desberdinetan ateratako ondorioen arabera Rom herria Indiatik dator, pentsatu ohi denaren kontra. Hori Ijitoen herriari buruz oro har dugun ezjakintasun handiaren adibide bat besterik ez da, paradoxikoa dirudien arren beste kultura batzuekin harremanetan denbora gehien daramana izanik.
Izan ere, herri nomada izateagatik izan dituzte harreman horiek. Rom herriaren migrazio-boladak V. mendearen hasieran sortzen hasi ziren, erraz antzeman ezin daitezkeen arrazoiengatik. XIX. mendeko iraultza industrialak Europako gizartearen ohiturak aldarazi zituen eta, horiekin batera, ijitoen komunitatearenak. Produkzio egituren modernizazioak nomadismoa baztertzera behartu zituen ijito asko, baita ijito ez zirenekin bizitzera ere, eta egoera horrek eraginda gizartearen gaitzespenari aurre egin behar izan zion gutxiengo honek.
Neurri handi batean, haien kulturaren gaineko ezjakintasunak sorrarazi du marjinazioa, besteak beste, beren komunitateko kideen artean oso sustraituta dauden eta identifikatzen dituzten usadioek osatutako kultura izanik. Etnia horretan familia da instituzio preziatuena, eta bere inguruan egituratzen da haien sistema sozial guztia. Talde izatearen sentimendua ohorea, askatasuna, musika eta kantua adierazpidetzat dituen folklorea, abegi ona eta lana bezalako baloreei lotuta dago.
Ijitoek lanari buruzko ikusmolde berezia dute, hedatuena dagoena ez bezalakoa, eta askotan aurreiritziak sorrarazten dituena. Ikusmolde horrek zerikusi handiagoa du autonomiarekin errealizazio pertsonalarekin baino, hau da, familia mantentzeko aukera ematen dien eta pertsona menderatu behar ez duen zerbait balitz bezala ikusten dute lana. Gainera, “ingurunean bizitzea, ingurunea aldatu gabe, ordea” ideian ere bat datoz eta, beraz, tradizioz artisautza lanetan, bideko salmentan edo txatarra biltzen lan egin izan dute.
Balore tradizionalak alde batera utzi gabe, ijitoen kulturak beste pentsamolde batzuekin harremanetan eboluzionatu du. Hala, gero eta lan anitzagoak egiten hasiak dira, hezkuntzarekiko interes handiagoa erakusten ari dira, rolak aldarazten ari dira (batik bat emakumeari dagokionez), baita gero eta beranduago ezkontzen eta seme-alaba gutxiago izaten ere.
1978an Espainiako Konstituzioa ezarri zen arte (Estatuan ordurako mende eta erdi pasatxo zeramatela kontuan izanik) ez zen bete-betean aitortu ijitoak berdinak zirela legearen aurrean. Ia hogeita hamar urte geroago erabateko hiritartasuna lortzeko jarraitzen dute borrokan. Lehengo irailean, gobernuari hobekuntza sozialak eremu guztietan barneratzeko eskatzen zion testua onetsi zuen Kongresuak. Kultura Ministerioak, bere aldetik, beste kultura batzuekin lankidetzan Ijito Kulturaren Institutua sortuko zuela hitz eman zuen, haien tradizioak bultzatzearren.
Legeei dagokienez egoera faboragarria izan arren, arazoa kalean dago dirudienez. Ijitoekiko III. Elkartasun Foroan, Intolerantziaren aurkako Mugimenduak antolatutakoan, ijitoak gero eta diskriminazio handiagoa jasaten ari direla salatu zuten. Mugimendu horrek 14 eta 18 urte bitarteko gazteen artean ikastetxeetan egindako azterlan baten ondorioak aurkeztu zituen. Ikasleen %30-34ak ijito gehienak txaboletan bizi direla, kulturaren jabe ez direla, drogekin trafikatzen dutela eta lapurretan aritzen direla uste du oraindik ere. Horrekin batera, %25ak bere auzotik bidaliko lituzke ijitoak eta ikasleen erdiak baino gehiagok haien izaeragatik indarkeria bultzatzen dutela pentsatzen du.
Ijitoen Idazkaritza Fundazioak egindako kalkuluen arabera, bere komunitateak 700.000 kide inguru ditu Espainian. Bestalde, adierazi duenez gutxi gorabehera eskola adinean dauden adin txikikoen %98 eskolara doa eta familien %10 bakarrik bizi da txaboletan. Bestetik, lan tradizionalak, esaterako saskigintza edo ganadu salerosketa ia erabat desagertu dira, bideko salmenta erregularizatzen ari da, pixkanaka duintasun eta profesionaltasun maila handiagoa lortuz, eta gero eta gehiago dira lan-merkatu normalizatuan sartzen ari diren ijitoak, bai gizonezkoak bai emakumezkoak. Beraz, gizartean errotuenak dauden estereotipoetako batzuk suntsitzen dituzten datuak dira.