EZINDUTA BIZITZEA
Nazio Batuen Erakundeak adierazi duenez, azken bi hamarkadetan ikuspegi aldaketa sortu da: ezintasunen bat duen pertsona “laguntza behar duen norbait” balitz bezala hartzetik “bere komunitatean bizitza normalizatua eramatea helburu duen eta eskubide titular den hiritar” gisa hartzera lortu dugu.
Halako berriak entzutea pozgarria izan arren, edozein herrialdetan oraindik ere lotura zuzena dago ezintasunaren eta gizarteko bazterkeriaren artean. Munduan, 600 milioi pertsonak baino gehiagok (populazioaren %10 inguru) urritasun fisiko edo psikikoren bat dute. Hala eta guztiz ere arazo nagusia hauxe da, gizartearen barruan zeregin ”ikusezina” betetzen dutela. Eremu publikoan duten partehartze maila mugatua da, eta ondorioz beren ustezko “ezintasunari”buruzko estereotipoa bultzatzen da. Gainera, errealitate horrek mendeko pertsonenganako errespetu falta sustatzen du, gainerakoen baldintza beretan eskubideen titular diren aldetik.
Espainian, 2001eko otsailaren 22ko Aginduak Estatuan pertsona ezgaituak gizarteratzeko programak bultzatzen diharduten GKEei emandako dirulaguntzak arautzen ditu. Hala ere, Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioak emandako datuen arabera, ezintasunen bat duen populazioaren %3,8 bakarrik da talde horietakoren batekoa.
2004an, Justizia Ministerioak I. Hurbilerraztasun Plan Nazionala onetsi zuen, sektore publikoa eta pribatua arazoaz arduratzea izanik asmoa. Planaren barruan biltzen diren ekintzak bost helburu nagusi lortzera bideratuta daude, horien artean populazioa kontzientziatzea, arau-sistema bat ezartzea eta teknologia berrietarako hurbilerraztasuna bultzatzea. Ministroen Kontseilua, bere aldetik, Mendekotasun Egoeran dauden Pertsonen Autonomia Pertsonala eta Arreta Sustatzeko Legearen Aurreproiektuan ari da lanean, Mendekotasun Sistema Nazionala Ongizate Egoeraren lau oinarri gisa itxuratzeko asmotan. Hala, lege-marko berria finkatu nahi da, ezgaitasun larriren bat duten milioitik gora pertsonei arreta eta zaintza bermatzeko.
Nazioartean, Nazio Batuen Erakundeak konbentzioak egin ohi ditu, esate baterako urte honen hasieran gobernuetako eta gobernuz kanpoko erakundeetako 400etik gora delegatu bildu zituena. Herrialdeek hurbilerraztasun proiektuak aurrera eramateko fondorik ez dutela badiote ere, Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Mandatariak, Louise Arbourrek, hauxe salatu du, “sarritan jarrerak izan ohi dira laguntza behar duten pertsonen eskubideak betetzeko oztoporik handiena”. Eta, aldi berean, hori “taldearen betebeharra” zela adierazi zuen.
Nolanahi ere, integraziorako garatzen den ekimena edo politika edozein izanik ere, ezinduta dauden pertsonen autonomia pertsonala lortzeko eta haien duintasuna babesteko izan behar dute. Berdintasun baloreak testuinguru guztietan bultzatzea da helburua, ez, ordea, berariazko eskubideak lortzea. Azken finean, ezgaitasuna gizartearen aniztasunaren barruan sartzen da.