EMAKUMEAK ETA GIZARTEAREN ALDAKETA
Oraindik ere, emakume askoren oinarrizko eskubideak sarritan urratu ohi dira mundu guztian. Hori gizonezkoak baino pobrezia egoera okerragoetan bizi direnean gertatzen da, lana lortzeko garaian diskriminazioari aurre egin behar izaten diotenean, eskolatzen ez dituztenean edo praktika tradizional iraingarriak jasan behar izaten dituztenean, adibide gutxi batzuk aipatzearren.
Orain, lau hitzarmen daude indarrean emakumeen eskubideak zaintzeko: CEDAW (Emakumeen aurkako Diskriminazio Era guztiak Ezabatzeko Hitzarmena), Beijingeko Ekintza Plataforma (1995ean Emakumeei buruzko Nazioarteko Laugarren Konferentzian gobernuek onetsia), Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 1325 Ebazpena, Emakumeei, Bakeari eta Segurtasunari buruzkoa eta bere Milurtekoaren Garapen Helburuak. Erabaki horietan identifikatutako arazoen arabera, Emakumeak Sustatzeko Nazio Batuen Arloak (UNIFEM) lau lan-arlo estrategiko identifikatu ditu gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko.
Lehenik, gobernu demokratikoetako genero berdintasuna lortzea da. Emakumeen partehartzea ziurtatu nahi da, legeek, politikek eta gobernuen instituzioek hiritarren premia errealak isla ditzaten. Gainera, UNIFEMek bere berreraikuntza programen oinarrizko kontzeptu gisa ezarri du berdintasuna, hasiera batean emakumeen aitzindaritza babestuz.
Nazio Batuen Erakundeak ere emakumeek mundu mailan sufritzen duten pobrezia karga neurrigabea azpimarratu du. Eta, hori gutxi balitz, kasu askotan globalizazioak egoera larriagotu egin duela salatu dute, emakumeek enplegua, prestazio sozialak eta laneko eskubideak askoz ere proportzio handiagoan galtzea eraginez. Erabaki eremuetan oso presentzia urria dutenez, emakumeek aukera gutxi dute dauden desberdintasunak zuzentzeko.
Hala ere, gehien hedatu den abusua genero indarkeria da. Hiru emakumetatik batek jasan behar izango du indarkeria bere bizitzan, NBEk emandako kopuruen arabera. “Minutu bat Gehiago ere ez: Emakumeen aurkako Indarkeriari Azkena Ematea” txostenaren bidez, UNIFEMek nazio askotan oraindik aitortzen ez duten arazoari aurre egiteko premiaz ohartarazi nahi du nazioartean. Gizarte aurreratuagoetan tratu txarrak publikoki eta auzitegietan salatzen ari badira ere, gizarte askotan bultzatu egiten dituzte oraindik eta kolpeak otzantasunez onartzen dituzte.
Genero indarkeriarekin lotuta, kasu askotan sexu erasoa izanik indarkeria horren adierazpide, GIB/HIESaren hedapen kezkagarria aipatu beharra dago. Afrikan, epidemia larriagoa den lekuan alegia, emakumezko gazteek gizonezkoek baino hiru aldiz probabilitate handiagoa dute kutsatzeko. Mundu mailan, emakumeek gizonezkoek baino gutxiago dakite kutsadura prebenitzeko moduei buruz, eta dakiten gutxi horrek ez ditu babesten abusuetatik. UNIFEMek premisa hau du oinarri, GIB/HIES osasunari eta garapenari lotutako arazoa dela, baina oso lotura estua duela genero desberdintasunarekin.
Horrela, oinarrizko eskubideak sistematikoki urratzen direla ikusita, emakume askorentzat zaila da gauzak beste modu batera izan daitezkeela pentsatzea, eta horrek oztopatu egiten du gizartearen aldaketa prozesuan protagonista izateko iniziatiba.