Donostia Kultura
Donostiako Udala

Oskar Tejedor zuzendari gipuzkoarraren “En tránsito” lanaren estreinaldia

En tránsito

2016.10.13

Donostiako Udalaren Giza Eskubideen Arloak eta Donostia Kulturak antolatutako Giza Eskubideen Zinemaldian Oskar Tejedor zuzendari gipuzkoarraren En tránsito dokumentala estreinatuko da, urriaren 14an, ostirala, 20:00etan, Donostiako Antzoki Zaharrean.

Compañeras de viaje dokumentala filmatu ondoren, Bidez Bide Elkarteak –Euskadin migrazio-esperientzia transnazionalak bizi dituzten pertsonei eta familiei laguntzen die– zuzendariari beste urrats bat emateko proposatzen dio. Hala, beren familien ongizatearen arduradun bakar eta nagusi gisa Europara bakarrik bidaiatzera behartuta dauden milaka emakumeen egoera erakusten eta gaiaren inguruan sentsibilizatzen jarraitu nahi dute. Beraz, dokumentalak jatorrizko herrialdeetan geratzen diren seme-alabei eta hauek zaintzen dituztenei ematen die hitza. Zaintzaile horiek, normalean, beste emakume batzuk dira (amona zaharrak, izebak, ahizpak, etab.), eta hauek izaten dira zaintza horiek kudeatzen dituztenak. Guztiek hitz egiten dute, itzulinguruka ibili gabe, harreman hauek urrunetik bizitzeak euren bizitzetan duen eraginaren inguruan.

Sarrera doan da, antzokia bete arte. Hala ere, sarrera aldez aurretik jaso beharko da Antzoki Zaharreko txarteldegian. Dokumentala amaitzean mahai-inguru bat egingo da. Bertan, dokumentalaren protagonistek, zuzendariak eta Bidez Bide Elkarteko ordezkariek hartuko dute parte.

En tránsito Nikaraguan, Hondurasen, Donostian eta Gipuzkoan filmatu da. Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren arabera, 116 herrialdetako etorkinak ditugu Euskadin. Bertako immigrazio-tasa kontuan hartuta, Nikaragua Euskadin etorkin gehien dituen 8. herrialdea da, eta Latinoamerikako hirugarrena. Azterketaren arabera, etorkin horietako gehienak bakarrik etorritako emakumeak dira. Emakume hauek seme-alabak jatorrizko herrialdeetan utzi dituzte, eta laguntza behar duten pertsonak zaintzen eta etxeko lanak egiten dihardute.

En tránsito DocumentaMadrid dokumentalen zinemaldian aurkeztu zen lehen aldiz jendaurrean. Orduz geroztik mundu osoko (Italia, Belgika, EEBB, Kolonbia, Mexiko,...) zinemaldietako sail ofizial askotan hartu du parte. Palermoko Sole Luna Giza Eskubideen Zinemaldian Dokumental Onenaren saria eskuratu zuen; Lugoko Zinemaldian, berriz, aipamen berezia jaso zuen.

Diziplinen arteko taldean burutu da, Sonora Estudios etxeak ekoiztu du, Bidez Bide elkartearen laguntzarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren, Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales (ICAA) erakundearen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren (Garapen Lankidetzarako Zuzendaritza) eta Zarauzko Udalaren babesarekin.