Babes bila

Gaur egun, gerratik edo miseriatik ihesi, 60 milioi lagunek utzi behar izan dituzte euren etxeak. Bigarren Mundu Gerraz geroztik ez ginen kopuru horretara heldu.

Siriako gerra hasi zenetik igarotako 5 urte hauetan, Giza Eskubideen Siriako Behatokiaren arabera, 270.000 lagun baino gehiago hil dira. Herritarren erdiak baino gehiagok (23 milioi inguru gerra aurretik) euren etxeak utzi behar izan dituzte eta 4,7 milioi lagunek inguruko herrialdetara –batez ere Jordania, Turkia, Irak eta Egipto– joan behar izan dute babes bila. Gutxiengo bat Europar Batasunean sartu da edo bertan sartzen saiatzen ari da.

2011ren amaiera aldera, Europar Batasunak siriar nazionalitateko pertsonen 7.000 asilo-eskaera inguru jaso zituen. 2015. urtearen amaieran 800.000 eskaera baino gehiago zituen. Gatazkaren hasieran pertsona batzuei babes-estatutua eman zieten, baina gerra luzatu eta bere ondorioak larriagotu diren neurrian, segurtasuna besterik bilatzen ez duten gizakien mugimenduak humanitate minimo batekin kudeatzeko Europako erakundeen eta gobernuen ezintasuna agerian geratu da.

Europan sartzeko legezko biderik eta bide segururik ez dagoenez, milaka pertsona –batez ere siriarrak, baina baita irakiarrak, eritrearrak edo afganiarrak ere– euren herrialdeetatik ihes egin ondoren, Turkian pilatzen dira eta, ontzi pneumatiko txikitan, hurbilen dituzten Greziako uharteetara iristen saiatzen dira. Greziara iritsi ondoren, bidea iparralderantz jarraitzen dute, ibilbide balkanikoa deitzen denetik barrena, Mazedonia, Serbia eta Hungaria gurutzatuz. Helmuga nagusia Mendebaldeko Europa izan ohi da, batez ere Alemania.

Migrazioen Munduko Erakundearen arabera, 2015ean Egeo itsasoan 700 lagun inguru hil edo desagertu ziren, Turkiaren eta Greziaren arteko ibilbide laburrean. Beste milaka lagun Grezian eraikitako errefuxiatuen kanpamenduetan geldirik daude edo iparralderantz abiatu dira.

Europar Batasuneko estatu guztiek, neurri handiagoan edo txikiagoan, eta Europar Batasunak berak teorian oinarritzat dituzten eskubide funtsezkoenak eta printzipio etikoak urratzen dituzte. Alemanian errefuxiatuen sexu-erasoen inguruko salaketa funsgabeak, errefuxiatuen ondasunak konfiskatzeko mehatxua Danimarkaren aldetik, errefuxiatuek ez gurutzatzeko hesi bat eraikitzea Hungarian… adibide batzuk besterik ez dira.

Baina hori guztia baino larriagoa izan daiteke Europar Batasunak eta Turkiak duela gutxi lortutako akordioa “errefuxiatuen krisia arintzeko”. Akordio horren arabera, Turkian barrena Greziara heltzen diren errefuxiatuak Turkiara “itzuli” ahal izango dituzte premiaz. Horren truke, Turkiak laguntza humanitarioa eta finantzarioa jasoko du, Europar Batasunean sartzeko negoziazioak arinduko dira eta bertako herritarrak Europar Batasunean bisarik gabe sartu ahal izango dira. Beste behin ere, Europar Batasunak inguruko herrialdeak azpikontratatzen ditu haren mugak babesteko lan zikinena egiteko.

Hala ere, bide bat ixten den bakoitzean beste bat zabaltzen da. Eta Balkanetako bidea itxi ondoren, jada hasi dira beste bide batzuk bilatzen, Errusian barrena, Afrikaren iparraldetik, Schengen eremua inguratuz, Errumanian barrena edo Ekialdeko Mediterraneoan barrena… Siriako gerra eta beste gatazka armatu batzuk irekita dauden bitartean, lur horietatik ihes egin nahiko duten pertsonak beti egongo dira. Ikusteko dago Europak nola erantzuten duen, populismoaren eta eskuin muturrekoen gorakadari jarraituz edo duela ez hainbeste denbora defendatu zituen giza eskubideen bidea berreskuratzea erabakiz.

2024 © copyright
  • Elkarrizketak Donostia / Conversaciones San Sebastián DSS2016.eu
  • Donostiako Udala. Ayuntamiento de San Sebastián
  • donostiakultura.com. San Sebastián: ciudad de la cultura
  • AIETE: Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea