Oztopoak gaindituz komunikatzea

Beasaindarrak, gipuzkoarrak, gara biak. Ni, Lourdes, jaio nintzen aurretik. Inork zer gertatzen zitzaidan ez zekienez, erietxe batetik bestera ibili ginen. Bost urte geroago, beste seme edo alaba bat enkargatzea erabaki zuten aitak eta amak. Hazi ahala, niri lagunduko zidan anaiatxoa. Hala ere, Mentxu jaio zenean... ama maitea! Berdinak ginen eta! Soluzioa espero zuten haiek eta arazo handiagoa iritsi zitzaien. Hortik aurrera, biak ibili ginen erietxe batetik bestera, guztia alferrikakoa izan arren. Erietxe horietan sekula ez zuten inor sendatu, osatu edo errehabilitatu.

Hazten joan ahala, gero eta argiago genuen: eragozpenak ez zeuden gure baitan, bizitzeko egokitu zitzaigun gizartean eta haren funtzionamenduan baizik. Existitzen ez zen "normaltasunari" begira diseinatu, pentsatu eta sortutako gizartea zen, eta, hori horrela izanda ere, soilik desberdinak izanagatik baztertu eta marjinatzen gintuen, eta baita gizaki izaera ukatzen eta gure oinarrizko eskubideei muzin egiten ere. Horregatik, txikitatik ulertu genuen lortu beharreko super-helburuak biziraupena, autonomia eta gizarteratzea izango genituela, eta komunikaziorik izan ezean, horiek ezinezko izango zirela.

Gauzak horrela, komunikatzeko modu desberdinak sortu, garatu, aldatu eta hautatzea izan ziren gure bizitzak, denboraren iragaitea eta berezko espazioak lortzea markatu zituztenak. Hau da, neuroplastikotasun bete-betea.

Hala eta guztiz ere, sekula ez genuen gure bizitza drama bailitzan bizitu, ezta egun ere; eskola gisa hartu genuen, aukera-kate amaigabe gisa, non graduatzen denak soilik lortzen duen zoriontasuna. Eskola edo institutu bakar batek ere onartu ez gintuenez, gogor ikasi behar izan genuen, eta, azkenean, Mentxu Psikologian doktoratu zen, cum laude gradua erdietsiz. Nik nahikoa izan nuen oinarrizkoarekin: alfabetoa irakurri eta amak bioi etxean irakatsitako 4 eragiketak, pedagogia gisa, azkar ernatu gintezen kaskarreko bat edo beste jasota ere.

Sormena eta ahalegina erruz, etorkizun bat marraztu asmoz; umore ona beti oinarri hartuta, ez defentsarako mekanismo gisa, aurren jartzen zaigun orori aurre egiteko indar mental eta moralaren erakusgarri gisa baizik. Gauza askoren inguruan lan egin genuen, erretiroa hartu arte. Psikologia modernoak Erresilientzia esaten dio horri.

Gure asmakizun handia, "Arrieta metodoa", iritsi arte. Erregistratu eta patentatu genuen. Elkarren artean komunikatzeko modu baliozkoa, kodifikatua eta ahozkoa –fonetikoa ez izan arren– genuen, guztiz bisuala. Begitako idazkeran oinarritutako sistema. Egunerokoaren kontakizunak eta ukiezinaren deskribapenak borborka hasi ziren orduan, dimentsio berri bat eskuratuz. Mentxuk nahi nuena, sentitzen nuena eta pentsatzen nuena zehaztasun osoz adierazi ziezaiekeen gainerakoei. Nahikoa lan izan genuen benetako jatorri-deitura lortzeko!

Jakina, estimulurik gabe ezinezkoa izango genuke gure buruak gainditzea, ezta berezko hizkuntza garatzea ere. Beste era batera esanda, erronka nagusia gure mugak gainditzea izan da beti eta egun ere hala da. Gainerakoak jada ezarritako eta araututako hizkuntza batekin jaiotzen dira, eta hizkuntza hori darabilte biziraun eta sozializatzeko ezinbesteko baliabide gisa; horrela, hizketan hasten direnetik dute euren nortasun-ezaugarriak finkatzeko aukera. Gu ere komunikatzeko ahalmenarekin jaio ginen, baina gehiengoaren aldean, ezarri eta araututako hizkuntzarik gabe, eta norbaitek hizkuntza bat irakatsi edo ulertzeko inolako aukerarik izan gabe. Mintzamenik gabe, baliabiderik gabe, koderik gabe. Eman genuen urrats bakoitza funtsezko gertaera izan zen gure ikaskuntzan, eta isiltasunetik, isolamendutik eta inkomunikaziotik irten ahal izateko, literalki esperimentatu, hobetu, baztertu eta berriz asmatu behar izan genituen hizkuntza eta komunikatzeko modu desberdinen sendotzea ere. Gure zerebroak birmoldatu behar izan genituen literalki, eta neurona-lotura berrien funtzionamendua probatu; horrela, egunez egun, gure emozio, pentsamendu eta ekintza fisikoen bilakaera bizitu genuen. Hainbeste aldaketa eta nahasketa, erabateko isiltasunean. Hizkuntza bat, kultura orori atxiki zaion baliabide oinarrizko eta ezinbestekoa, sortzea sortze-prozesu luze baten amaiera izan zen biontzat. Ez zen hizketan ikasten duten bi haurren ekintza naturala izan. Balentria, epopeia izan zen guretzat.

Gehienetan nahi duguna egiten dugu, une bakoitza azken muturrera arte bizituz. Konplizitatearekin, ez bestelako arma edo estrategiekin, garena izatera iritsi gara, borroka bakoitzean bizia arriskatuz; heriotza berari partida asko irabaz dakizkiokeela irakatsi zigun DNArekin.

Hiltzea ez da bizitzaren legea guretzat. Osotasunean bizitzea, bai.

El método Arrieta ez da gure biografia, ezta bizitzea egokitu zaiguna ere. Ez du, halaber, inolako gainditze, konstantzia edo borrokarako gaitasunaren istoriorik islatzen. Beraz, ez espero ohiko dokumental bat. Gure bizitzaren une baten deskribapena besterik ez da, Jorge Gil, dokumentalaren zuzendaria ezagutu genuen unekoa; gure egunerokotasun eta errutinei jarraipena egitea erabaki zuen, eta behaketa soila tresnarik eraginkorrenean bilakatu zuen gure arimen egunerokotasuna osotasunean azaldu eta gainbegiratzeko.

Lourdes eta Mentxu Arrieta

Film: El método Arrieta

2024 © copyright
  • San Sebastián Donostia 2016
  • Donostia Eraikitzen
  • Donostiako Udala. Ayuntamiento de San Sebastián
  • donostiakultura.com. San Sebastián: ciudad de la cultura
  • AIETE: Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea